Jaiotza
Reggaea, gaur egun ezagutzen dugunaren aitona, 1960ko hamarkadan jaio zen. AEBetako R&Ba eta Jamaikako mentoaren arteko maitasun harremanak skaren sorrera ekarri zuen. Urte alaiak ziren haiek. Jamaikak ingelesen kolonia izateari utzi zion, formalki bada ere, 1962an independentzia lortu zuenean. Etorkizun hobe baten esperantzarekin sortu zen ska musika, alaia eta dantzagarria. Ez zuen asko iraungo. Kolonialismo batetik bestera pasa ziren eta berehala AEBetako dirudunek, eguzki izpien egarri, uhartea bereganatuko zuten. Rocksteady deitu zioten, turistentzat aproposak ziren erritmo eta letra goxoak, azukrez gainezka, zituen musikari.
Urteak pasa eta sendi boteretsu batzuk kenduta, miseria gorrian eta esperantzarik gabe bizi ziren jamaikarrak. Independentziak ez zien espero zuten bizimodua ekarri eta musika bihurtu zen, erlijioa eta ganjarekin batera, aurrera egiten laguntzen zien euskarria. Marcus Garveyren esanek begiak ireki zizkien eta beltza izatea ona zela eta beltz izateagatik harro sentitu behar ziren mezuak reggae musikaren bidez sukarra bezala zabaldu ziren, irrati eta sound systemen bozgorailuak lagunduta. Garai berri baten sorrera zen.
[aldatu]Urrezko aroa
1970ko hamarkada, gure ustez, reggae musikaren urrezko aroa izan zen; bai musikalki eta baita eduki eta sentimenduei dagokienean. Musika jaioberriaren indarra geldiezina zen eta besteak beste, Bob Marley bezalako abeslari eta musikari apartei esker, mundu osora zabalduko zen, zeharkatzen zuen mundu hori eraldatzeko gogo biziarekin. Diskogintza alorrean, garai ilunak izan ziren reggaearentzat, baina, zorionez, gaur egun, hainbat reggae zaletu eta diskoetxeen arkeologi lan izugarriari esker, ustez galduta zeuden edota lortzeko oso zailak ziren garai hartako altxor ugari berreskuratzen ari dira. Azpimarratzekoa da Blood & Fire, Pressure Sounds edota, azken aldian, Trojan bezalako diskoetxeak egiten ari diren lana.

Bob Marley.
1980ko hamarkadaren etorrerarekin eta Bob Marleyren heriotzak suposatutako kolpearekin, gauzak nahasten hasten dira reggae munduan. Sound systemetan animatzaile bezala hasi ziren hizlariek edo toasterrek estilo propioa sortu dute eta dagoeneko U-Roy, Big Youth, Dennis Alcapone eta antzeko aintzindariek belaunaldi berriaren etorrera ezagutzen dute; Dillinger, Scotty, Yellow Man, Charlie Chaplin, e.a. Jarrerak aldatzen hasi dira. Dancehall-ak lehen pausoak emango ditu eta produkzio berriak nagusitzen dira. Sugar Minott, Don Carlos, Barrington Levy, Triston Palmer, Michael Prophet... Hamarkadaren azken urteekin batera eta teknologi berrien aurrerapenekin, reggaeak janzkera berria ezagutuko du; erritmo kaxak, sintetizadoreak, samplerrak... jamaikarrak maisu dira soinuekin jolastu eta esperimentatzeko garaian.
[aldatu]Gaur egun
Euskal Herrian (Hegoaldean bereziki) apenas entzuten den arren, gaur egun reggae musikaren adarra den dancehall-ragga estiloak arrakasta komertzial izugarria du, AEBetan bereziki, nahiz eta oraindik Bob Marleyren doinuak nonahi entzun daitezken.

No hay comentarios:
Publicar un comentario